Arbizuko Udalaren Web Orria Castellano
Herria Udala Zerbitzuak Agenda Dokumentuak Argazkiak Kontaktua
 

Herria .. Marda herria

.

Marda Zisjordaniako iparraldeko herri txiki bat da, Salfit eskualdean dagoena, izen bereko hiriburutik 9 kilometrora, 1949ko Armistizioaren ondorioz onartutako Lerro Berdetik gertu.

Inguruan beste eskualde hauek ditu: Kalkilia, Nablus eta Ramallah. Ondoko mapan ikus daiteke kokapena.

Mardak 2.400 biztanle inguru ditu, haietako asko umeak (Palestinako populazioa oro har oso gaztea baita), 2 eskola daude, neskena eta mutikoena, ia 600 ikaslerekin.

Biztanleen %75 langabezian dago. Familien %80 lurretik eta olibondoetatik bizi da, baina israeldarren okupazioaren ondorioz geroz eta lur gutxiago dute horretarako, eta asko klandestinoki aritzen dira. Arazo nagusietako bat horixe da, eta aurrerago mintzatuko gara horretaz zabalago.

Bertako olibondoek famatu dute herria, diotenez badira horien artean 2.000 urte dituztenak, baita zaharragoak ere. Eskualde honetan ur ugari dago, erromatarren garaiko iturri bat ere bai, baina ur guztia Israelgo enpresa batek, Merkorotek, “kudeatzen” du. Enpresa horrek ur hornidura eteten du nahi duenean.

Israelgo armadak 1967an okupatu zuen Marda. 1978an, Ariel izeneko kokagunea eraikitzen hasi ziren Mardaren hegoaldean. Horretarako, Salfit eskualdeko Marda, Haris, Kifl Haris, Qira, Jamma'in, Iskaka eta Yasuf herrietako eta Salfit hiriburuko lurrak konfiskatu zituzten. 1978 baino lehen, Mardako azalera 9.326 dunumekoa zen, horietatik 499 eraikiak. Ariel Zisjordaniako kokagune handiena da: egun, 20.000 biztanle inguru ditu, eta gobernuaren laguntza izan du beti, estrategikoa iritzi baitio. Israeldarrek Mardako lurren %40 konfiskatu dute Ariel eraikitzeko eta Arielgo kolonoek erabili beharreko bideak egiteko, batez ere Trans Samaria izeneko autobidea, herriaren iparraldean dagoena eta palestinarrek ezin dutena erabili. Kokaguneak oso arriskutsu bilakatu du Mardako biztanleen eguneroko bizimodua, bereziki olibadietako joan-etorriak. Palestinarrak suntsitzeko politika sistematikoaren adibide bat baizik ez da: 2005ean 3.000 olibondo erauzi zituzten lur hauetan. Nekazariak kikiltzeko kanpaina da, kikildu, amore eman eta alde egin dezaten euren jaioterritik, eta kanpainaren tresna nagusia “Gobernuaren jabegoari buruzko legea” delakoa da, konfiskatutako lurrak Israelgo Gobernuaren jabetza bihurtzen baititu, eta hartara lur horiek lantzea galarazi.

Horrez gain, Mardan etxeak eraikitzeko traba eta oztopo besterik ez dago, eta herrian etxe asko eraitsi ditu Israelgo armadak. Ondorioa da herriaren garapena geldirik dagoela, ez dago aurrera egiterik.

Marda presondegi bihurtu dute israeldarrek: esan bezala, kolonoen kokagune erraldoi bat du hegoaldean; iparraldean, berriz, autobidea, eta honen ondoan, hesi metaliko bat, herria erabat bereizten duena inguruko herrixka eta soroetatik; herriak bi sarrera ditu, burdinazko atez hornituak, bata mendebaldean, 2000ko Intifadaren garaian itxi zutena, eta bestea ekialdean, egun Mardako herritarrentzat pasabide bakarra dena, bertan ohikoak diren soldadu israeldarren kontrolak gaindituz gero; eta, amaitzeko, harresia dugu, Anexio eta Zabalkunde Harresi famatua, Arielgo kokagunea inguratzen duena, Marda eta Iskaka herriei konfiskatutako lurretan.

Mardaren azalera, osotara, 9.326 dunum-ekoa zen 1978 baino lehen, horietatik 499 eraikiak. 5.400 dunum galdu ditu aipatutakoen ondorioz, bere azalera osoaren ia %58, Mardako Udalaren datuen arabera.

Okupazioaren kalteen artean hauek aipatu ahal ditugu:

-hondamendi ekologikoa, kokaguneko hondakin-uren sistemak ura kutsatu duelako, eta zabortegia toki ez oso seguruan kokaturik dagoelako Marda aldera dagoen muino batean.

-Israelgo armadaren erasoak, bonbak, armak eta gasa erabiliz biztanleak izutzeko helburuarekin.

-Nekazariei galaraztea beren soroetara joatea, batez ere oliba-uzta biltzeko sasoian.

-Dozenaka basa txerri libre uztea herriaren inguruetan, soroak suntsitzeko eta nekazariak beldurtzeko.

-Ia 330 dunum konfiskatu eta hondatzea Trans Samaria autobidea eraikitzeko, 470 olibondo erauziz.

-olibondoen suntsipen sistematikoa, Israelgo armadaren nahiz kolonoen aldetik.

Arielgo kokagunearen presentzia (kokagunea bera gehi inguruko errepideak eta segurtasun neurriak) Marda ez ezik Salfiteko eskualde osoa garatzeko oztopo larria da, zeharo mugatzen baititu bertan bizi diren palestinarren aukerak Salfiteko hiriburuko baliabide kultural, ekonomiko eta sozialez baliatzeko.

Mardako 15 herritar daude preso gaur egun, horietatik 3 adingabeak. 4 hildako edo “martir” ere izan dira herrian.

Segregazio harresiari dagokionez, Mardako biztanleek herri erresistentzia antolatu dute haren kontra. 2004ko ekainean hasi ziren lanak: 9 kilometroko luzera, 60-80 kilometroko zabalera. 1.000 olibondo suntsiturik ikustean, nekazariek eta nazioarteko ekintzaileek soroetara jo zuten kalteak ikusi eta lanak geldiarazteko asmoz. Indarkeriarik gabeko ekintza izan bazen ere, erantzuna zaindari pribatuen tiroak izan ziren lehenengo, armadaren gasa eta lehergailuak ondoren. Errepresioak iraun du geroztik, baina harekin batera manifestazioak eta mobilizazioak ere ugari izan dira. Israelgo justiziak harresiaren ez-legezkotasunaren inguruko salaketa bat aztertzen zuen bitartean lanak geldirik egon ziren, baina 2005eko ekainean berriz ekin zioten eraikitzeari, 1.000 olibondo gehiago erauziz.

2005eko udal hauteskundeetan ezkerrak 9 eserlekuetatik 5 eskuratu zituen.



ARBIZUKO UDALA  Kale Nagusia,7 31839 ARBIZU (Nafarroa) T. 948.460.017 | F. 948.461.021 info@arbizu.info
Aldor Internet Lege Oharra    Web Mapa    Datuak Babesteko Politika