Arbizuko Udalaren Web Orria Castellano
Herria Udala Zerbitzuak Agenda Dokumentuak Argazkiak Kontaktua
 

Udala .. Ongi Etorri

Aralar eta Andia mendien artean, Sakanako eskualdearen zabalgune batean kokaturik dago gure herria. Andia aldetik heldu den Leziza ibaiak zeharkatzen du, Burunda ibairantz daraman bidean. Baina, paisaiari begiratuta, Beriain mendiaren presentziak egiten du berezi Arbizu. Betidaniko eta betirako presentzia.

Arbizuko herrigunea txikia bada ere, 1.000 biztanle inguru bere baitan hartzeko adinakoa, azalera osoa, berriz, 14,3 km-koa da, Aralartik Andiara bitarteko lurretan hedaturik, baso eta larretan. Bere sotiltasunean ikusgarri, lorez apaindutako etxe ederrez eraikia, eta behin baino gehiagotan sugarretatik ateratzen den hegaztia bezala bizirik iraun duena, bereziki Napoleonen soldaduak osotara erre zuten egun hartatik, gure herriaren historiako egun beltz hartatik. Hartaz eta honetaz hitz egin lezakeen bakarra, dorretxea, lekuko isila baizik ez da zoritxarrez, baina badu nolanahi ere mezu bat arretaz begiratzen duenarentzat: gure iraganaren mezua, aspaldiko euskal esaera gogora ekartzen diguna: izan direlako gara, garelako izango dira.

Arbizu komunikazio gunea dugu, dudarik gabe: Iruńea Gasteizekin eta Goierri Lizarraldearekin lotzen dituzten bideek bat egiten dute hemen. Abiapuntu estrategikoa, beraz, bazter hauek ezagutzeko, bueltakoan atsedenerako behar diren lasaitasuna eta goxotasuna ziurtatzen dituena, betiere natura eta ingurune atseginean murgildurik. Aberastasun hori lantzeko proiektuak eta asmoak Arbizu egunez egun eraikitzen ari den etorkizunaren parte bihurtu dira, gure izaeraren ezaugarri diren beste osagaiekin batera: industria, abeltzaintza, kultura, euskara, beste herriekiko elkartasuna… arbizuarrok bai baitakigu oraina lantzeak ekarriko duela etorkizuna.

Guztiei, beraz, ongi etorri gurera..., zuenera.

Jesús Mari Mendinueta
Arbizuko alkatea



ARBIZUKO UDALA  Kale Nagusia,7 31839 ARBIZU (Nafarroa) T. 948.460.017 | F. 948.461.021 info@arbizu.info
Aldor Internet Lege Oharra    Web Mapa    Datuak Babesteko Politika